2011/01/08

Kerik gabeko gizartea?


Txikiak ginenean etxean bazkaltzeko orduan urardoa edaten genuen eta gabonetan txanpan apur bat ere. Horrelako egunetan aitari zigarro bat kendu eta txorakeriak eginez piztu eta tragatu gabe kalada batzuk ematen genizkion eta denok barre egiten genuen.
Ez da hain aspaldikoa amarekin medikutara joan eta hark zigarroa ahoan jasotzen gintuenekoa.
Oroitzen naiz instituto garaian ingelesko irakasleak past simple eta past continuous-en arteko desberdintasunak azaltzen nola bere ducadosari zupadak ematen zizkion, ez dakidana da non geratzen ziren mutxikinak, lurrean seguruen, takoiarekin zapaldu eta listo.
Unibertsitatean ere analisi matematikoko irakasleak bost bat zigarro erretzen zituen arbela funtzioz deribatuz, limitez eta integralez betetzen zuen ordu beteko saioan, eta nik neuk ere, hamaika zigarro erreak ditut Heisenbergen ziurgabetasun printzipioa, Carnoten teorema edota mekanika kuantikoaren oinarriak azterketa batean azaltzen saiatzen nintzen bitartean.
Atzean geratu dira hogei minutuko traiektoko bidaietan fortunak erretzen genitueneko garaiak; geroago bost ordutakoetan erdiko atetik atzera erre zitekeenekoa, edota abioietan egiten genuenekoa.

Zorionez gaur egun umeek ez dituzte euren irakasleen keak arnasten edota lepo doazen autobusetan ez dugu zertan inoren kerik tragatu beharrik, zentzuduna eta logikoa.
Baina hilaren bitik ezarri den tabakoaren lege berria ez al da gehiegikeria? Neuk zalantza handiak dauzkat.
Hospitaleko eremutik kanpo irten beharra zupada batzuk ematera ez al da ilogikoa, aurretik ehunaka auto pasatzen ari diren bitartean?

Erretzaile soziala izan naiz urte askotan, niretzat tabakoa droga soziala da, besteei ere kalte egin diezaiekela jakin badakit, baina gizakioi plazerra ematen diguten gauzatxoak kentzen badizkigute, zer geratzen zaigu? 

Lehengoan egoera bitxiak ikus zitezkeen herrian. Jendea parrandan eta tragoaren erdian taberna erdia kanpora zigarroak erretzera. Dibertigarria izan zen, baina zer esango dute astebururo kaleko zaratak entzun behar dituzten bizilagunek? Hori ere ez al doa osasunaren aurka? Horrek askori sor diezaioken estresa, urduritasuna, lo faltagatik, ez al du ere osasun publikoaren diru-kutxan eraginik izango?
Eta bitartean errepideak ugaltzen doaz, gero eta auto gehiago dago, gero eta potentzia handiagoko motorrekin, horien keak ez dira kaltegarriak, hori progresoa da.

Ondo iruditzen zait besteen espazio garbia errespetatzea baina hipokrita hutsak gara, gobernuak hipokrita hutsak dira eta gainera lortu dute euren jokuan sartzea eta seguruen salatariak ugalduko dira gure gizarte demokratiko honetan. Donald Sutherland-en irudia datorkit burura, "Invasion of the Body Snatchers" filmearen amaieran bere hatz erakusleaz lagunmina salatzen ari denean... Bejondeiela. 
Nik espero dudana da lege honen aurrean zentzuz jokatzea, inor demonizatu gabe, guztion eskubideak errespetatuz, baita erretzaileenak ere.

No comments:

Post a Comment