2011/01/14

Gaztetako kontuak

Hamazazpi urte geneuzkan, burua ilusioz, ideiez eta ametsez beterik. Gauza material gutxi, baina espiritua aberatsa. Gure inguruko mundua txikia bazen ere, mundu zabala ezagutzeko irrikitan geunden.
Gure jazkera arrunta zen, neskendako gaurkoarekin alderatuz, maskulino xamarra. Hilea motza generaman, krestarik ez baina punkien looketik gertu. Galtza estuak eta jaka zabalak jazten genituen, martensak ez geneuzkan, horiek hasieran Londresetik ekartzen zituzten, baina antzeko zapatak edo botak. Eskoterik ez, imajinaziorako tarte handia utziz (edo txikiegia agian).
Musika gustoko genuen baina gehienek ez genuen tokatarik. Gure etxean izebak Alemaniatik ekarritako Grundig kasette bat zegoen eta musika on gutxi. Mikel eta Ireneri olentzerotan tokata bat ekarri zieten eta haiek erositako diskak kasetetan grabatu eta horiek entzuten genituen, behin eta berriro.
"Euskal rock erradikalaren" garaiak ziren, punk mugimendua urte batzuk lehenagokoa bazen ere, gurera horrelakoak atzerapenarekin heltzen zirenez, punk espiritua nahiko barneratua geneukan, neuk bai behintzat. Orduan ezagutu genituen The Clash, Specials, Stiff Little Fingers, Sex Pistols, Angelic Upstarts, baina baita beste estilotako musikariak ere.
Neu bereziki Clash zalea nintzen. Gazteak ginen eta gure inguruan ez genuen horrelako girorik; gure herrian tribu mota horiek apenas esistitzen baziren. Giro politikoak eta bereziki aurreko urteetan emandako jakoaren hedapenak gure gazteria erabat markatu zuen. Ametsak beste toki batzuetan zeuden batzuentzat eta besteek aldiz nahikoa lan zuten murgilduta zeuden inpernutik ateratzeko.
Garai gogorrak izan ziren, oso gogorrak. Errepresioa kaleetan eguneroko kontua zen; jazarpen poliziala; hilketak han eta hemen; musikarako toki gutxi horrelako egoeretan.
Gure mundua zabaldu nahiean edo Donostiara joaten ginen asteburuetan. Han egiten genuen ibilbidea beti berdina zen: Itxaso, Izkina, Aker Beltz. Han biltzen ziren guk gustoko genuen estiloko mutilak. Gehienak gu baino zaharragoak ziren, beraz haiek mirestearekin nahikoa geneukan, ligatu gutxi egiten genuen (gauza batzuk ez dira sekula aldatzen), hori bai gure musika entzuten genuen. Lehen aipatutakoez gain, baita garai hartan sortutako punkaren ondorengo taldeak The Cure, Immaculate Fools edota Psychedelic furs.
Ez nuen kontzertu askotara joateko paradarik izan (diru gutxi, informazio gutxi, eta ezagutza eskasa) baina garai hura, musika hura, itxura hura, barru barruraino iritsi zitzaidan, eta urte asko pasa badira ere barnean dudan zerbait da, askotan nire itxurak besterik adieraz badezake ere.
Clashen "London Calling" bereziki maite izan dut beti eta kaseteko aleaz gain, gaur diska zoragarri horren bi kopia dauzkat. Ez nuen inoiz talde hura zuzenean ikusteko aukerarik izan (ez dakit gertu ibili ziren ere, internet ez zen existitzen), doinuekin konformatu nintzen.
Baina lehengoan bizitzak opari zoragarria eman zidan, Chuck Prophet izeneko musikari estatubatuarrak, taldearekiko eta Joe Strummer-ekiko sentitzen duen miresmena dela medio, bira bat egiten ari da The Spanish Bombs taldearen laguntzaz London Callinga hasieratik amaierara joaz. Eta kontzertura joan nintzen hogeitabost urte beranduago, garai batean zuzenean entzun ezin izan nuen nire diska kuttunaz gozatzera.
Seguru ez zela berdina izango, baina neuk behintzat izugarri disfrutatu nuen. Han ikusi nituen urteetan ikusi gabeko Itxasoko tribuko mutil (gizon) batzuk, une gozoa izan zen, nerabezaroaren oroitzapenak,... itzela.

No comments:

Post a Comment