2011/01/04

Egoerak

Hemen datza
egunen baten 
ilusioz beteriko neska bat zena

Hemen datza
arantzaz beteriko bihotz bakartia

Tristeziak gailendu nau
eguzki izpiek ere
ez dute nire irudia argitzerik lortu

Hemen nago, etzanda,
nire babesleku bihurtu den
apartamentuko sofan

Hemen nabil nola
urratsak eman aurrera egiteko

baina ez dut kemenik,
ezin dut aterik zabaldu, 
kikilduta nago,
kalean topatuko dudanaren beldur naiz

hobe esan
kalean topatuko ez dudanaren beldur naiz,
bakardadearen beldur

Ezin dut
nire lagun intimo bilakatu den
bakardadea gehiago jasan

Gorroto zaitut,
alde nire bizitzatik
alde behingo batez.

Leihoak ireki

utzi argi-izpiei sartzen

Ireki begiak, belarriak

ikusi zure ninien aurretik pasatzen den oro
Entzun ingurutik datozkizun soinuak,
ahotsak, doinuak

Zabaldu bihotza

itxi gabeko zauriak 
denborak sendatuko ditu,
haragian sartutako arantzak
gorputzak berak kanporatuko ditu

Ez murgildu zure ezinegonean

Segi tren estaziora

ordutegia aztertu
eta igo zaitez batera,
beti daukazu hurrengo estazioan
jaisteko aukera

Eta gogoratu 
hartu gabeko trena
ez da sekula berriro pasako.

No comments:

Post a Comment