2011/02/05

GORROTOA

Ikasle batek gorroto dudala adierazi du herriko aldizkarian.
Horrek hausnarketa ugari sortarazi dit.
Herriko aldizkariak, euskara bultzatzeko asmoz herri guztietan sortutako ekimenak, euskara hutsean izanagatik ere, esateko eta eztabaida askotarako ematen duten horiek, nire uste apalean, erabiltzen duten gaitegi, tonu eta abarrengatik... baina ez da nire asmoa horretaz aritzea oraingoan, tesi baterako emango lidakelako, agian.
Gorrotoa. Hitz potoloa. Horrek sortu dit harra, barruan, zer da ba gorrotoa?
Ikasle batek gorroto dudala sentitzen du eta hala adierazi du publikoki, nire izen eta guzti, baina nik inor gorroto al dut? Edo inoiz gorrotatu al dut inor?
Niretzat gorrotoa maitasunaren pareko sentimendua da. Pertsona asko apreziatzen ditut, baina maitatu? Eta gorrotatu?
Nazka ematen didan jendeak indiferentzia besterik ez dit sortzen.
Norbait gorrotatzeko zerbait oso gogorra egin behar izan dit. Egia esan halako sentipenak oso pertsona gutxirekin izan ditut, eta beti, edo ia beti, maitasunaren aurkako erantzuna moduan, erreakzioz, momentu zehatzetan, maitasunak bihotza apurtu dizun horietan, baina beti akzioa bueltan etortzen delarik.
Ez, nik ez dut sekula ikaslerik gorrotatu, badaukat beste zereginik nire barrua hortan murgiltzea baino.
Ikasleak hezitzea da nire lana, gauza batzuk erakustea, irakastea. Batzuekin primeran konektatzen duzu, beste batzuekin tira, batzuekin ez duzu feelingik, punto.
Benetako gorrotoa, inoiz sentitu badut, noizpait bai, beste eremuetarako erreserbatua daukat, nire eguneroko lanaz oso urrun.
Oso gogorra zait nire izena eta gorrotoa hitzak esaldi berean irakurtzea, herriko aldizkarian. A zer irudi izan behar duten nitaz, herrian, gorrotatzaile borde hori.
Seguruen ez ditut ikasleak maite, batzuekin oso ondo konektatzen dut, baina beti ere beraiek hor eta ni hemen; batzuk urteetara lagun bilakatzen dira, gutxi batzuk, beste batzuk nire listetatik pasatako izen ezagunak besterik ez dira, baina gorrotoa arazo potologoei erreserbatutako bizipena da. Eta zenbat eta gutxiagotan sentitu orduan eta hobe.

No comments:

Post a Comment