2011/02/12

Diktadurak nonahi

Telebistari eta medioei kaso eginez gero, batek pentsatuko luke munduan hiru herrialdeetan soilik daudela erregimen "diktatorialak". Lehena nola ez Kuba, baita Txina eta Ipar Korea ere. Venezuela ezin horrela etiketatu hauteskundeak egiten dituztelako, baina Hugo Chavezen irudia ederki dakigu zein den medio "demokratiko" guztietan.
Nik onartzen dut, geografia politiko kontu horietan ez nagoela oso jantzita (bat ere ez ez esateagatik), baina medioetan ikusi eta irakurri dudanagatik pentsa nezakeen munduko beste herrialde guztietan "demokrazia" zela nagusi. 
Hara nondik eta gure ekialdera gertatzen ari diren errebuelta guztiak medio, orain enteratu naizen Tunezen, Egipton, eta beste hainbat herrialdeetan ere diktaduretan bizi direla.
Danok entzun izan dugu homosexualek Kuban arazoak omen dituztela gobernuarekin, (hor dugu Reinaldo Arenasen kasua esaterako, Julian Schnabelek filme batean erretratatu zuena), baina ba al genekien Egipton homosexualitatea heriotzarekin kastigatua zegoenik, bide hori erabili ez badute ere?
Herrialde horiek direna izango dira, baina mendebaldeko estatuei ez zitzaien interesatzen horien aurka joatea eta gu itsu itsuan denok Tunezera oporretan hegaldiak merkeak direlako besteak beste, jakin gabe hango herritarrek zein pribazio eta zein bizi baldintzak dituzten eta zein askatasun edo askatasun eza bizi zuten. Hori bai Venezuela edo Kubara joanez gero, dena luparekin begiratuz konstatatzeko hango gobernuek benetan herritarrak askatasunik gabe dituztela...
Zein nazka ematen duten gobernuek, euren mezulariek, eta mundua manipulatzen duten guztiek.
Mundura iraultza dator, argi dago. Horrela ezin jarraitu. Gaiztoen eta onen kontu hori amaitu da (niretzat sekula existitu ez bada ere, edo "gaiztoen" alde agertu naizelako beti edo ia beti); ireki ditzagun begiak, zabaldu burua, eta aldarrika dezagun justizia, herritar guztientzat, mundu zabalean, ea danon artean bizitza duinago bat izatea lortzen dugun aldamenekoa errespetatuz.

No comments:

Post a Comment