2010/10/10

EUSKALDUNA NAIZ ETA HARRO NAGO

Kantak dio "euskalduna naiz eta harro nago". Nik horrela bizi dut, harro nago euskalduna izateaz, baina ez diot hori harrokeriaz, harrotasunez baizik. Euskalduna naiz Euskal Herrian jaio, hazi, hezi eta bizi naizelako. Madrilen jaio izan banintz ez dakit zer sentituko nintzatekeen, madrileño, español, batek daki, baina Euskal Herritarra naiz eta punto.
Ez naiz beste batzuk baino gehiago, ez eta gutxiago ere; ez naiz beste batzuk baino hobea, ezta okerragoa ere. Naizena naiz, hori da dena.
Gure herria bere inguruko beste herrietatik desberdina da, hasteko, eta horrek bereizten gaitu gehien, beste hizkuntza bat daukagu, geurea dena Euskara, eta ondorioz baita beste kultura bat ere, ez hobea, ez okerragoa, beste bat, desberdina. Horrek bereizten gaitu estatu españoleko beste herrietatik.
Zer dut nik andaluz batekin, argentino batekin baino gehiago lotzen nauenik? Ezer gutxi, agian kulturalki antz gehiago daukagu argentinoekin andaluzekin baino.
Euskalduna naiz eta herri bat ondo funtzionatzeko erarik egokiena gertutik gestionatzea da, norberak gestionatzea, ez kanpotik.
Euskal Herriak gaitasun ekonomikoa, soziala, kulturala, teknologikoa dauzka bere burua gobernatzeko. Independentista naiz benetan sinisten dudalako herri hau aurrera eramateko gaitasun guzti horiek geuk garatu behar ditugula, ingurukoekin harremanak edukiz eta elkarlana bultzatuz, baina erabakiak guk geuk hartuz.
Ez dut uste astakeria bat denik, gure etxeko asuntoak auzoen artean konpontzen ditugu eta ez kale guztiko bizilagunak bilduz, arazoak etxe bakoitzean desberdinak baitira.
Gauzak horrela dira, sinpleak, zeren beldur dira herri honi bere eskubideak ukatzen dizkietenak?
Gure garaia heldu da, herri honen etorkizunerako beste zerbait nahi dugunok lanean hasi behar dugu, bakoitza bere esparrutik jendeari ikusaraziz, konbentzituz independentzia dela danontzat aukerarik onena, eta hori egiteko eguneroko adibideekin nahikoa dugu baina gure ahotsa entzunarazi behar dugu, apaltasunez baina erabakiorki, garaipena denon esku baitago.

No comments:

Post a Comment