2010/10/27

Ainarari eskutitza

Aupa gaztia! Zer moduz zaude?
Nik ere a zer nolako galderak egiten ditudan, nola egongo zara bost egun estatu españoleko polizia nazionalen eskuetan inkomunikaturik egon eta gero, (ez dut pentsatu ere egin nahi zer jasan behar izan duzun) eta orain auskalo nongo espetxetan, batek daki zenbat denborarako... baina badakizu, eskutitzak hasteko modu bat besterik ez da.
Nik kontatuko dizut nola doakidan niri. Ba egia esateko ez naiz gaizki bizi, lan eta soldata duinak dauzkat, opor onak, zer gehiago eska dezaket nire kolkoari begiratzen badiot? Baina nire begiek, zorionez, haratago ikusten dute, eta dakusatena ez zaie batere gustatzen ze beti gertatzen da zerbait eguna zapuzten duena.
Lehengo ostiralean lanera nindoala estatu españoleko irrati bat entzuten, albiste laburpen moduko bat ematen hasi ziren eta azken polizia operazioaren berri izan nuen orduan, baina hasieratik notizia emateko erabilitako kalifikatiboek (culebras, serpientes, cachorros, halako zerbait, ezin ditut zuzen gogoratu... Eskerrak irrati progreetan progreena zela!) sutan jarri ninduten. Gero lanera heldu eta egia esateko ez nuen ezer inorekin komentatu, ohituta gaude horrelakoak bizitzera, eta azkenean ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen dugu. Arratsaldean jada etxean, lasaiago, interneten sartu eta zure izena irakurri nuen eta egia esango badizut ez ninduen sorpresaz harrapatu españolek darabilten estrategia ikusirik.
Zein da estrategia hori? Ez da oso azkarra izan behar jakiteko, lana egiten duen jendea paretik kentzea. Lana egin? Galdetuko du baten batek, ba bai, lana, lana gizartea aldatzeko, gazteen eskubideen alde, emakumeen eskubideen alde, ingurumena babesteko, herri honi dagozkion eskubideen alde; lana, eguneroko lana, talde lana, auzo lana, herri lana... Hori baita zuek eta zuen aurretik eraman dituzten ehunka gaztek egin duten delitua; antolatu gizartea eraldatzeko.
Badakizu ETAk ekintza armatuen etena iragarri zuenetik 35 lagun atxilotu dituela estatu españolak? Eta urtea hasi zenetik ustezko Segi-ko kide izateagatik 94 gazte atxilotu dituztela? Baina zer kontatuko dizut zuri, ederki dakizu hori guztia, eta bai, hori hemen, gure Euskal Herri txiki honetan Europaren erdian, XXI. mendean, estatu itxuraz bakezale eta demokratiko batean...
Eta bizitzak aurrera darrai normala balitz bezala. Ez, ezin dut gehiago, "ya no me callo", gure garaia heldu da, herritarrok ez baditugu gure eskubide zibil eta politikoak defendatzen, zeinek egingo du?
Herri hau beste eszenatoki batera eraman nahi badugu, bakoitzak gure esparrutik lanean hasi beharko dugu (batzuek jarraitu), isildu gabe, sukaldeko lana egiten, eta horretarako Ainara gehiago behar ditugu.
Egia esango badizut eta kursi geratzeko beldurrik gabe, oso harro sentitzen naiz zure ibilbidean une batez irakasle izanaz. Inor gutxietsi gabe nik zu bezalako ikasle gehiago nahi ditut eta Euskal Herriak oro har zu bezalako gazte gehiago behar ditu, eta hori ez da ondo gelditzeko, benetan sentitzen dudalako baizik.
Beno gaztia, amaitzera noa. Zauden ziegan zaudela muxu handi bat eta besarkada bero bat. Animo eta eutsi goiari garaipena geurea izango da eta!

No comments:

Post a Comment