2010/09/06

ETAren adierazpenen harira

Beste mundu batekoa izango naiz seguruen, amari galdetu beharko diot zein planetakoa den, ze atzo eta gaur egunkari, irrati eta telebistetan irakurri, entzun eta ikusi ditudanak flipatu arazi egiten naute.
Gure herriak gatazka politiko bat bizi du (batzuk hori ikusi nahi ez arren) eta gatazka politiko horren ondorioz gatazka armatu bat ere bizi du. 
Batzuentzat hori da gatazka bakarra, armatua alegia, eta hori aitzakitzat erabiliz herri honi hainbat eskubide ukatzea argudiatzen dute. 
Horrez gain, sektore batek beldurra bizi izan du bere larruan ETAren mehatsua dela eta, (beste sektore batek beldurra bizi izan duen eta egun bizi duen modu berean, baina gaur ez naiz horietaz arituko) ulertzekoa.
Ni ez naiz bizitza edozein preziotan defendatzen duen horietakoa, batzuk buruarekin paretan joko dute agian nire etika, moral "faltagatik". Niretzat bizitza arnasa hartzea baino zerbait gehiago da, bizitza duintasunaren eta justiziaren eskutik doan zerbait da, baina beste batzuentzat ez. 
Beste batzuek bizitza (arnasa hartzea) edozein gauzaren gainetik jartzen duten balore bat da, ez dut konpartitzen baina ulertzen dut, eta horien adierazpenak dira hain zuzen ere ulertzen ez ditudanak.
ETAk, erakunde armatu batek, hilabeteak direla erabaki zuen ekintza armaturik ez zuela burutuko, atzo jakin genuen eta askorentzat berri pozgarria izan da arrazoi desberdinengatik. Batzuk aipatzearren inorentzat atseginak ez diren erasoak gertatuko ez direla esan nahi baitu; aitzakitzat hori erabili dutenek orain beste jarrera batzuk hartu beharko dituztelako edo beste aitzakia batzuk erabili herri honek bizi duen eskubideen ukazioa defendatzeko,...
ETAren adierazpena nahikoa den, ez den, ... horretan hastea ez al da debate antzua? Eta hori da medio gehienetan eta politikari askorengan entzun ahal izan duguna. Nondik eraiki behar dugu etxea teilatutik ala sototik?
Ez al lukete agintari guztiek eta gizarte guztia pozik egon beharko ekintza armaturik egongo ez delako (ETAren aldetik esan nahi dut)? Ez al da hori hasiera ona, aurrera pausoak ematen hasteko? Eta ez al da optimismoa inguruan zabaldu behar duguna, herritar guztiok giro horretan pixkanaka presioa eginez egoerak atzera bueltarik izan ez dezan, benetako prozesu demokratiko bat ireki dadin eta herri honetako eragile guztiek, berriro diot guztiek, eta berdintasun baldintzetan parte har dezaten?,...
Baina ez, gehienen mezua ezkorra izan da (indar abertzale batzuen kasuan salbu), askorentzat piztu den itxaropena zapuztu nahi dutela dirudi, badakit askotan politiko batzuen jarrerak halakoa izan behar duela, segun eta zein bandotan dagoen, baina ez dakit konturatzen ote diren sortzen duten ezinegonaz, erabiltzen duten maltzurkeriaz..., finean justizian oinarritutako bake batetik oso urrun dagoen mezua zabaltzen dute inguruan eta hori guztia bueltan etortzen da lehenago edo beranduago.
Benetan flipatuta nago, ez dut ulertzen, baina ni pozik nago eta nire esku dagoen guztia egingo dut prozesu bat martxan jar dadin eta egoerak apurka apurka aurrera egin dezan atzera bueltarik gabe, merezi dugulako, asko sufritu dugu jada, herri honek merezi duelako, Euskal Herriak merezi duelako.

No comments:

Post a Comment